Aurten ere, Urdaburu Mendizale Elkartean jada tradizio bilakatu den Eguberri eguneko beterano eta gazteen arteko futbol partida jokatu zen. Iaz gazteek irabazi bazuten ere, aurten garaipena berriz ere beteranoen eskuetara itzuli da.
Iaz bezala, aurten ere Fanderiako belar artifizialeko zelaian jokatu zen norgehiagoka. Baina iaz aurreko urteetako jende eskasia gaindituz 25 jokalari aritu baziren ere, aurten 20 besterik ez ziren izan (urtero fijoak izaten diren hainbat bazkide ez ziren agertu, Iņaki Arrieta eta Txipi adibidez), eta zelai txikian jokatu zen partida.
Norgehiagoka beteranoek irabazi zuten, 10-7ko emaitzarekin. Hala ere, onartu behar da aurten beteranoak izan zirela abantailaz jokatu zutenak. Lehen zati osoa bi jokalari gehiagorekin jokatu zuten, 11 9ren aurka, eta atsedenean markagailuak 6-4ko emaitza erakusten zuen. Bigarren zatian bi taldeek jokalari kopuru berarekin jokatu zuten eta partida berdinduagoa izan zen, amaierako 10-7ra iritsiz.
Emaitzak gorabehera, garrantzitsuena lagunarte ederrean ongi pasatzea da. Eta hala izan zen partida honetan ere, amaieran ateratako argazkian ikus daitekeenez. Hemen duzu argazkia kalitate handiagoan jaisteko aukera.