Joan den apirilaren 15ean, Oiartzunen Aiako Harria GKLaren Kudeaketa Plana osatzeko parte-hartze prozesua aurkeztu zen. Bilera hau Eusko Jaurlaritzaren Ingurugiro Sailak antolatu zuen, eta gune babestu honekin harremana duten elkarte eta partikularrei zuzendua izan zen.
Bileraren lehenengo zatian Natura 2000 Sareari buruz jardun zen, Aiako Harria barneratuta dagoen europako natur-guneen sarea. Sare honen parte izatearen abantailak eta egin-beharrak ere azaldu ziren, besteak beste Kudeaketa Plan bat egitearen beharra. Plan honek, Aiako Harrian dauden interes komunitarioko habitat eta espezieak nola kudeatu azalduko du eta Parke Naturalaren beste kudeaketa tresnekin bateragarria izan behar da. Bestalde, bere kontserbazioan eragin dezaketen erabilerak (mendi-ibiladiak, ehiza, erabilera publikoa orokorrean, esate baterako) ere antolatzeko baliogarria izango da.
Bileraren bigarren zatian parte-hartze prozesuaz jardun zen, zehazki Kudeaketa Planean parte-hartzeko erari buruz. Urdaburuk, beste mendi elkarte eta naturarekin lotuta dauden elkarteekin batera, ekainean izango diren lan bilera hauetan parte hartuko du.
Bisitak:
EasyCounter.com