GR-11 EUSKAL PIRINEOA: 9.ETAPA BURUTU DUGU
Gaurko honetan eguraldia kaskar samarra izan bada ere sirimiri apur bat besterik ez dugu izan, hasiera eta bukaeran. Bestalde etapa nahikoa samurra izan da, lokatz ugari eta bista urriekin, lainoa zela eta. Lizarrieta portutik irten gara 8:20tan, aldapa behera, eta berehala atertu du. Lehen jaitsierak Lesakako bentara eraman gaitu eta ondoren ibai ertzetik jo dugu eta ondoren baserrietatik zehar. Lesakan hamaiketakoa egin eta eguneko igoera nagusiari ekin diogu. Noizbehinka baso ederrak zeharkatuz Telleri lepora heldu gara, Kopakoarri azpian, eta sirimiripean San Anton ermitan amaitu dugu, 13:00 inguruan. Bertan geratu ordez Errenteriara itzultzea eta gure egoitzan bazkaria egitea bururatu zaigu, esan eta egin.